Esnatzeko modu ugari

Paseoekin hasi nintzen zaintza kontu hauetan, baina, poliki-poliki ardura gehiago hartzen hasi behar. Batik bat, pare bat susto, hori bai, galanten, ondoren, arreba eta biok erabaki genuenetik kaleko-hitzordua uztea. Handik aurrera, neu jaitsiko nintzen amaren etxera eta bertatik aterako ginen. Niri tokatuko zitzaidan handik aurrera gehienetan gurasoak esnatzea.

Eta badira esnatzeko modu ugari.

AMAREN ESNATZEA

Erraza zen. Hasieran gehienetan prest edukitzen nuen nire zain; jantzita, musua garbituta,… Gero ez, neuk joan behar nuen logelaraino, lapurren moduan sartu, eta argia piztu gabe (aita ez esnatzeko) pasilotik sartzen zen argi izpia aprobetxatuz, esnatu. Beno, gehienetan esna egoten zen, geldi-geldi, lo bezala, baina esna, nire zain. Begiratu egiten ninduen eta irribarre egiten zidan.

Eta irribarre egin zuen handik aurrera esnatu nuen guztietan. Alzheimerrak ez zion hori kendu, nahiz eta azken garaietan kuleroak zuk jantzi behar.

Zer gozoa den eguna inork oparitutako irribarre batekin hastea.

AITAREN ESNATZEA

Ama eta biok paseatzera joaten ginen aita ohean utzita. Bueltan esnatu beharra zegoen eta biek gosaltzen zuten, kolore eta tamaina guztietako pilulez lagunduta. Inola ere, ardura berrietako bat zen, aita ohetik altxatzen zela, ongi gosaltzen zutela eta medikazioa hartzen zutela ziurtatzea.

Dena dela, Korapilatsuagoa zen aita esnatzea, bere gaixotasunen zerrenda luze horretan bazen Loaren Apnea izeneko bat, arnasa hartzeko makina batekin lo egitera behartzen zuena. Gainera, uste dut aitak, gautxoria izanik, goizeko ordu horietan egiten zuela lorik sakonena. Beraz, ongi astindu beharra zegoen, segundutxo batzuen (bat, bi, hiru, lau, bost…) ondoren, begiak zabaltzeko.

Segundo horiek ziren eguneko unerik txarrena, lo ala zerraldo ote zegoen zalantzan jartzen hasten zinenekoa. Orduan ulertu nuen segundo eternalen kontzeptua. Hori lasaitua azkenean begiak zabaldu, makina itzali eta mugitzen hasten ginenean, ohetik altxa, janzten lagundu… Nahiz eta,oso maiz, sesio-simulakroren bat edo beste gertatu artean.

Aita maitagarria zen baina asko kostatzen zitzaion esnatzea.

GALDERA

Baina, zein dago hemen gaixo, irribarre egin eta begiak zabaltzen dituena? Ala goizero-goizero irribarre  eta begi-zabaltze bana behar dituena bizitzen hasteko?  Horren gaineko teoria ugari hausnartu nuen lanerako bidean.

Irribarre txikia gauaren ondarrean
adio beldurrak esnatu egin da
gaur ez da ezagutuko ez nauen egun hori

nahikoa itxaropen leihoa zabaltzeko
beste hogeita lau ordu arduratzeko
soberako maitasun hori barruan ez galtzeko

behera begira baina zeruari so
laino-txintxarrekin estropezu egiteko
lurretik zintzilik oheratzeraino
nor ote ziur ez dagoela gaixo

ezagutu egin nau irribarre egin dit
urrun estutasuna egunon argiari
tartetxo bat lapurtu diogu eritasunari

baina hemen nor da eri
bera ala ni
irribarre bakarrak
salbaturik
nor da eri
bera ala ni
bera ala ni
bera ala ni

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up