Asko ikasten da ipurdiak garbitzen

Ni beti semea nintzen eta haiek gurasoak, beno, amarentzat, batzuetan anaia, beste batzuetan aita, auskalo beste batzuetan nor nintzen, baina, nolanahi ere, orokorrean jarrera egokiak mantentzen genituen. Guraso eta alaba-semeen arteko hierarkia hori errespetatzen genuen. Bakoitza bere lekuan, badakizu. Familiaren mikrokosmos hertsi horretan zegokidan rolari, betiko rolari, eusten nion. Haurtzarotik arrastaka ekarritakoari. Edo hori uste nuen neuk behintzat.

Denbora aurrea joan ahala, eta kasik oharkabean, rol hori aldatzen joan zen, amarekin modu naturalean (paseoek aurrera egin ahala), aitarekin, oraingo honetan, gatazka domestiko-sanitarioen poderioz (gero eta ihesbide gutxiago zeukan). Eta bat-batean inoiz ez bezalako konfiantza aitortu zidaten. Amak, orain arte ez bezala, bere mundu intimora hurbiltzen uzten zizulako, eta aitak kasu egitea beste erremediorik ez zuelako.

Horrela iritsi nintzen heldutasunera 40ka urte aurreratuta nituela eta bi pertsona gaixoren ardurak behartuta. Bide aldrebesetatik eta akuiluaren gozo-gaziez iristen da “pulamentua”.  Janzten eta eranzten laguntzen, eta  ipurdiak garbitzen. Horrelaxe. Horiek dira ene heldutasunaren mugarri nagusietakoak. Eta esango nuke, orduez geroztik, aitaren kasuan, gure arteko harremana beste maila batera igaro zela, batik bat, enegarren ospitaleratzean, lehenengo aldiz popa garbitu nionetik. Bezperan ez zitzaidan burutik ere pasako antzeko ezer egin beharko nukeenik. Baina unea iritsita…  trebetasun eta teknika gabeziak gora behera, oso erraza izan zen. Gainera, horiek praktikarekin asko hobetzen  dira.

Munduko emakumeen %80ak goizero-goizero, inongo aitorpenik gabe, inongo espanturik gabe eta trukean ezer eskatu gabe egiten duten zerbaitegatik hain “errealizatua” sentitzea! Hori bai marka. Baina, zer nahi duzu, niretzat deskubrimendu galanta izan zen, eta kontatzeko aukera, eta gogoa, dauzkat.

Zaintzaren alderik, ustez, harrotzenekin asko ikasten dela azpimarratzeko da.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up