Markismoa

Ez klase-ertaineko nerabeak (oraindik badago halakorik), ezta moda-zale konpultsiboak ere. Lerroan jarri, kontsumoak libreago egingo dituela sinetsitako fededunak, autoestimua lantzeko multinazional baten abizena behar dutenak eta markak pribilegioen seinale gisara erabiltzen dituztenak, eta hala eta guztiz ere, asko saiatuta ere, ez lirateke musikarion “markismora” iritsiko. Eta ez naiz ari arropaz, nahiz eta horretatik ere badagoen, musikariok erabiltzen ditugun musika-tresna eta ingurukoez baizik. Anpliak, pedalak, bozgorailuak, soinu-mahaiak, mikroak, poltsa, korreak, puak, sokak, efektuak… Ba al dakizu zenbat elementu behar dituen pop-rock musikari batek bere sormena (lana ere esan dakikegu) taula gainean gauzatzeko? Bada, elementu horiek guztiek dute abizen komertzialen bat, markaren bat, alegia.

Bitxia badirudi ere, kalean modako zapatilekin nola, halaxe gertatzen da mundu osoko oholtza, entsegu-lokal eta gela intsonorizatuetan. Marka berdinak errepikatzen dira, behin eta berriro, leku guztietan. Markismo adaptatiboa da gainera, ez uste, garaien eta industriaren aginduetara egokitzen dena, arin eta modu eraginkorrean. Musikaririk konprometituena ere kontsumitzaile akritikoena bilakatzeraino.

Hori gutxi balitz, gainera, marka horien enbaxadore komertzial bilakatzen gara, gure itzalean itsatsita baitaramatzagu, gure emanaldietan haien propaganda ozena egiten baitugu, hamaika lagunei erakusten baitizkiegu marka horien izenak eta doaiak, musikariaren itzalaren arabera, musu-truk gainera.

(GARA 2017/05/24)

Kategoria: Gara, Musika Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude