Hizkuntzak alde egin zion

“Hizkuntza joaten ari zaio” erantzuten nuen, konfiantzazko norbaitek “ama zer moduz?” galdetzen zidanean. Deformazio profesionala, ziurrenik, zer egingo diogu? Baina, urte hauetan Alzheimerrak eragindako gainbeheran, hizkuntza erabiltzearena izan da termometrorik onenetakoa. Benetan, erraza zen ikustea  hitz-bidezko komunikazioa aldrebesten, eskasten eta, azkenik, desagertzen. Arreta pixka bat baino ez zen behar. Arreta hori pixka bat zorroztuta, gainera, amak aurrera egiteko erabili zituen estrategiak  atzeman zenitzakeen.

Ez zen oso emakume hiztuna, nirekin ez, behintzat. Paseoen kontuarekin hasi ginen solas egiten modu jarraitu eta naturalean, baina hortik aurrera, asko hitz egin genuen. Kopurua, ordea, ez da dena. Nolanahi ere, egutegiak aurrera egin ahala, originaltasunean asko galdu zuten gure solasaldiek. Gainera, ideiak, esaldiak, elkarrizketa osoak errepikatzearena, hasieran, harrigarri samarra gertatzen bazen ere, jolasa bilakatu zen. Gauza bera, behin eta berriro, errepikatzea, modu ona zelako hizkuntza entrenatzeko, ama isiltasunetik ateratzeko, gaixotasunak eragiten zion isolamendu gero eta hertsiagoa hausteko.

Hasieran, bazekien zer esan nahi zuen eta nola esan, tartean, bazekien zer esan nahi zuen baina ez zuen asmatzen esaten, eta, azkenean, ez zekien ez zer esan, ezta nola esan, ere. Horra hor laburpen perfektua. Mintzairak ihes nola egin zion beste gauza askok bezala.

Dena dela, ama ez zen kikildu eta trikimailuz beteta zeukan zorroa (aurre egiteko edo, behintzat, disimulatzeko). Horregatik, hitz bat ateratzen ez zitzaionean, onomatopeiak erabiltzen zituen (klanklana zen beira jasotzeko edukiontzia). Horregatik, hitzen esanahia beste moduren batean azaltzen zuen (“esa cosa pequeña” jaten ari zela esan zidan, erdaraz, gaileta bat eskuetan zuela).  Horregatik, silabak nahasten hasi zenean, tartea uzten zuen lehenengo eta bigarrenaren artean zeuk lagundu ahal izateko.  Horregatik, gero eta gehiago seinalatzen zituen gauzak. Horregatik, ez zen larritzen zerbait ateratzen ez zitzaionean, eta kontu erosoagoetara egiten zuen jauzi. Horrela “desikasi” zuen amak hitz egiten. Poliki-poliki, baina.

Hauxe izan zen, azken egunetan, arrebarekin  eduki zuen elkarrizketetako bat.

– Gustura zaude ama?

– Bai.

– Ongi zaude?

 – Bai.

– Pozik zaude?

– Bai.

– Gosea daukazu?

– EZ!

Azken hatsarekin, hizkuntzak zentzua galdu zuen arte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up