On egiten gaituzten gauzak

Irribarre egin zidan atsoak igogailuan, amaren etxera nindoanean. Asko harritu ninduen, beno… izugarri. Ordura arte,  emakume harengandik, gehienera ere, euskal-hippi abertzaloide eta etxekalteari dagozkion keinu neurtuak baino ez nituen jaso (40 urte baino gehiagotan); bide-erdiko irripar hotzak, terrenoa markatzeko esaten diren “buenos dias” labur, ozen eta zorrotzak… Zerbait larria behar zuen. Gerra nuklearra gertatu da eta ez naiz enteratu? Alzheimerrak jo du emakume hau (baita ere) eta ez didate ezer esan? Bista galdu du, eta beste norbaitekin nahastu nau?

Mundua hankaz gora. Kalera atera ginen ama eta biok, besotik hartuta, eta halaxe esan zion, sekula, estimazio handirik izan ez zion beste atso batek. Bakarrik zetorren, bastoia esku batean eta Lidleko poltsa handia, betea jakina, bestean.

Que bien Maria Luisa, con guardaespaldas,… y que joven.

Pues si, nos vamos a pasear– Erantzun zion amak, harrokeriarik gabe, baina poztasuna disimulatu gabe. Inbidia begirada sumatu nion bizilagunari, amak –zein zen hori– galdetzen zidan bitartean.

Egunak joan eta egunak etorri, egoerak, harrigarri egin zuen hobera, edo okerrera. Denek galdetzen zizuten amaren berri, denek zuten zerbait kontatzeko, ezin hamar metro egin auzokoren batekin solasean geratzeko.

Hay que bien cuidada esta vuestra ama– izan zen garai haietako esaldirik arrakastatsuena. Dendan, adibidez, auzoko komunikazio-gunerik nagusiena.

Ufa, ez da pentsatu bezain erraza alaba-seme ona izatea! Kosta egin zitzaidan rol berriarekin ohitzea. Neu “outsider” izateko jaio eta hezitakoa nintzen eta ez, seme eredugarria. Baina, dena dela, probatu nahi baduzue, eta azkenik, seme-alaba on izateko esperientzia dastatu nahi baduzue, hona hemen (funtzionatzen duen) aholku sorta.

Benetan, ez nuen uste, hain seme ona izan nintekeenik.

Oinaze hitza gehiegi ez aitatzea
etorkizunarekin ez tematzea
erlojuak abiapuntura ekartzea
adore dosiak garaiz ziztatzea

hain seme ona
izan nintekeenik

Halabeharrari ipurdia garbitzea
larrialdiei begirunea galtzea
hatsa alperrik ez xahutzea
disimuluarekin amore ematea

Hain…

sinesmenari izena aldatzea
pilulak koloretan sailkatzea
odolaren beldurra ezkutatzea
inoren falta ez iragartzea

Hain…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up