Emanaldi, elkarrizketa eta kronika bana (kantu berriak erakutsi nituen)

Bale, izena nahiko xelebrea jarri genion “aurrestreinaldia”, baina nolabait izendatu behar ia-ia amaituta dagoen zerbait erakusteko tentazioari eutsi ezin, eta publikoki aurkeztea erabakitzen duzunean, nahiz eta, oraindik, ez egon erabat ziur egingo duzunaz. Bada estreinako bat, baina era berean, ez da estreinaldi bat, beraz, horregatik izen bitxia.

Horrelakoek, beti dute bertigotik zerbait, atrebentziatik asko eta abenturatik gehiegi. Baina, behin eskaintza jasota, ezin ezetz esan kantu hauek, lehenengo aldiz, Donostiako Erizaintza Eskolan kantatzeko aukerari. Handiegia zen tentazioa eta arima ahulekoak izaki, baietz esan nion EHUko Gipuzkoako campuseko kultur ekintzaz arduratzen den taldearen gonbidapenari.

Goiza bizi hasi zen, elkarrizketa egin baitzidaten Euskadi Irratiko Faktorian, eta ondoren, trastuak hartu, urduritasunak bildu eta hara igo nintzen, kantu hauetan hainbesteko presentzia duen etxe handi haren altzora. Eskerrak baino ezin eman Erizaintza eskolakoei, asko erraztu zidaten lana. leku egokia, eta jende interesatua; irakasleak, familia, lagunen bat eta miraria: IKASLE BAT!

Ez dut emanaldia aipatuko, gustura aritu nintzen, uste dut gai izan nintzela esan nahi nuena nahiko txukun komunikatzeko, jendeak asko estimatu zidan egindakoa, baina… izango dira hobeak (asko dut fintzeko).

(Bideoa. Antonio Casado Da Rocha)

Ah, eta kantaldia bukatutakoan, luntxa, betiko lege zaharrean. Uste dut kantu berriekin, emanaldia adina garrantzia izango dutela ondorengo tarte hauek, denok baitugu zerbait kontatu edo galdetzeko, zaintzari edo gaixotasunei buruz. Atzokoan bereziki gozoa izan zen Bassmattirekin emandako tartea.

Ala eta guztiz ere, gauean jaso nuen ezustekorik atseginena, egun on baten amaiera bikaina. Oheratzerakoan hau jaso nuenean. Martxan berriro, baina, abiadura motelean oraindik. Proba ederrak dira artistarentzat atzokoaren modukoak, hainbeste hilabetetako lana, giro etxekoi, lasai eta arretatsuan probatzeko aukera edukitzea, alegia.  Horregatik da aurrestreinaldi bat…

Argazkia Giorgio Bassmatti

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up