Berako misterioa

Legenda urbano batek dio Berako mapa topografikoaren mugek gitarra elektriko baten silueta osatzen dutela. Are gehiago, bada dioenik, ilargi beteko gau batean, mugarriz mugarri herriko mugen ibilbide osoa egiten baduzu, zure musikazaletasunak hainbat maila egingo dituela gora, edonor punta-puntako musikari bilakatu arte.

Halaxe kontatzen dute, nola bezperan bigarren eskuko bateria eskas bat erosi zuen neska- kozkor batek, behin ibilbidea egin, eta hurrengo goizean gai izan zen Deep Purplen Child in Time kantuko soloa errepikatzeko, akatsik gabe eta ekarpen interesgarri batzuk eginez, gainera. Sorginkeria, magia eta gaueko-lana beti present baitago bazter menditsu hauetan.

Beste batzuek urari egozten diote errua, eta jakina, badira irakurketa sozial sakonen ondorioz, herriaren osaketa, bilakaera eta gertakari historikoen nahasketa “kapritxosoa” aipatzen dutenak. Edonola ere, inork ez du modu sinesgarrian argitu Berako misteriorik handiena, mundu osoko ikerlariei buruko-min ugari ematen diena. Zergatik daude hainbeste musikari? Edo hobe esateko, zergatik daude hainbeste musikari ON Beran?

Ez estutu burua, ez saiatu azalpenik bilatzen, matematika hutsa da; biztanle kopurua zati musikari, gehi kaleratutako diskoak, bider azpiegitura musikalak (musika eskola, tabernak, lokalak…) eta ea zer ateratze den.

Neuk ez dut operazioa egin, neu kanpotik musikari bila etorri den beste Giputza naiz, ez besterik, zertarako estutu gehiago burua? Bertan lagun onak egin, Beñardorekin anaitasun/maitasun harremana garatu, ostatuak alderik alde ibili eta Aduanan noizean behin entseatu egiten duen horietako bat. Ah! Eta noizean behin emanaldiak ematen dituena bertan.

Plazer hutsa Katakura itzultzea, igande honetan, adibidez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up