Gutxien espero duzunean gertatuko da

Oraindik ez zara enteratu? Denek dakite-eta, edo jakin beharko lukete, bederen, gertatzear dagoena. Ez al dakizu iturriak lehortu, zerua arrakalatu eta munduko zuhaitz guztiak ustelduko direla? Ez dituzu oso lagun onak inork ez badizu kontatu, dagoeneko, hegaztiak zientoka eroriko direla hilak ondartzetan, eta buruz gora agertuko direla arrainak urmael, putzu, erreka, ibai, laku, aintzira eta itsaso guztietan, sarda zenbatezinetan.

Hori felizidadea! Benetan diozue ez dakizuela beroak auto guztien gurpilak lehertuko dituela eta armiarma pozoitsuz beteko direla Zarako probagela denak? Eta jendea korrika hasiko dela, baina ezingo dutela ihes egin asfaltoan gero eta ugariagoak izango diren hondorik gabeko zuloak direla medio?

Bai, denetatik izango dugu: labazko geiserrak, eraikinak bitan zatikatzen dituzten tximista erraldoiak, Wagnerren musika topera jarrita, inola itzali ezingo diren bozgorailu erraldoietan.

Eta ez dira faltako: hiri osoak irensteko moduko olatuak, mendiak behera botatzeko adinako haize bafadak, eta guztia begiratzen arituko diren estralurtar ontziak, ezin parte hartu, hondamendiari begira (ditxosozko lege galaktiko ez-interbentzionistak).

Ez dut sisnesten, benetan, ez dakizula MUNDUAREN AKABERA IRAGARRI DUTELA EKAINAREN HAMALAURAKO  eta horregatik erabaki dugula HAMAIRURA aurreratzea Oso Fan eta Morauren emanaldia Dabadaban.

Beno, bada orain badakizu.

Ez horregatik!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up