Fakirra eta historia


Entzun daitekeen dena irakur daiteke. Ederki dakite kontserbatorioko ikasleek. Adibidez, liburukote ere bada sinfonia handiuste, ballet, edo dena delako hori. Nolanahi ere, tintaz beteta bsitaude haren pasarte musikal guztiak. Begiradak zuzentzen du, eta burmuinak, jostari, bihurtzen du musika hizkuntza kriptiko eta misteriotsu hori.

Aitortzen dut, solfeo zipitzik ez jakin arren antzeko zerbait gertatzen ari zaidala Fakirraren Ahotsarekin (Susa 2018). Irakurri ahala, etengabea baita barruan esnatzen zaidan musika mordoa. Kantu ezagunak edo pasarte subjektiboagoak, labur edo sakon, istorioari zuzen loturik edo handik ateratako hari txiki batek esnatutako ustekabe… Doinu leherketa bat da irakurraldi bakoitza, musika kasik ukitzeraino eta oso gutxitan gertatu zait antzekorik.

Ez dut gaitasunik Harkaitz Canoren liburuaren iruzkin literariorik egiteko, baina gozagarria da nobelan zehar musikak, musika-zaletasunak eta musikari ofizioak hartzen duten protagonismoa. Horren harira, bazen garaia musikari baten ahotsean, bizipenetan, jartzekoa gure historiaren azken 50 urtetako bilakaera, saminez bete hau. Eta horretarako zer hobea Imanol Lartzabal aukeratzea baino. Ongi etorriak urrats berriak kantariaren itzalaren berezko tamaina aitortzeko bidean. Fakirraren Ahotsa, bada musikarien lana duintzeko modurik onenetakoa, soinu banda soila baino askoz ere gehiago delako musika hemen, eta musikariaren begiak (ez bakarrik ahotsa) bilakatzen direlako historiaren lekukorik hoberenak. Estimatzen da ahalegina.

GARA 2018/12/27

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up