Poesia txarraren apologia (Thoreauk esana)

Henry David Thoreauk idatzitako poesiekin osatutako “ikuskizuna” da Poesia Txarraren Apologia.

Kasualitatez ezagutzeak ez dio ezagutzeari balorerik kentzen ezta gehitu ere, kasualitatea ezagutza iturri fidel eta ezustez betetakoa gerta daiteke eta. Ezta lagunen bidez ezagutzea ere. Garai aurredijitaletan gaztetasunera iritsitakoek ongi dakigu zenbat balio duen lagun informatuak edukitzea. Apaizek eta eskolak hil ez ziguten jakin-nahia (erruak inoren lepotik zintzilikatzeko kirol nazionala), urduri, premiaz, bizkor mugitzen zen lagunartekoen, ideia, esperientzia, liburu eta disko trukaketetan. Agian dijitalitateak zapuztu ez duen zerbait da, gaur informazioa merke zabaltzen den lehengaia baita. Baina ez dakit,… Badaezpada ere, sekula ez jarri sareko edukietan lagunengan jartzen genuen adinako konfiantzarik, nahiz eta maiz hanka sartu.

Azalpen hau guztia esateko, honelaxe egin nuela topo Henry David Thoreaurekin, alegia. Duela oso gutxi gainera. Antonio Casado Da Rocha ezagutu eta harekin elkarlan literario/kaletar/bitalan aritzearen poderioz. Haren Una Casa En Walden (Pepitas 2017) liburua irakurtzeak ireki zidan bidea. Iñaki Armendariz lagunaren jakintza eta ezagutza handiak, berriz, pentsalari ipar amerikarra eta haren lana hobeto ezagutzeko aukera eman zidan hainbat solasalditan. Beraz, horrela, natural eta giro lagunkoiak bultzatzen duen kasualitate emankor horrek bultzaturik, sortu zen Thoreauren testuak ardatz hartuta elkarrekin zerbait egiteko ideia.

Esanekoak garenez, egin ere egin genuen, bakoitzak bere alorra astinduta. Elkarlan bitxi eta emankorrean. Antoniok Thoreauren poemak euskarara ekarri eta testu-hezurdura, neuk han eta hemen jasotako musika eta zaratekin oinarrizko puzzle sonoroa prestatuz eta, azkenik, Iñakik gitarra elektrikoarekin hitzak laguntzeko, janzteko, koloreztatzeko marrazki musikalak eginez. Horrela ondu genuen Poesia Txarraren Apologia.

Formatua interesgarria da oso eta elkarlana gustagarria, hain modu naturalean garatzen denean, bederen. Ez harritu besteren bat egitea bururatzen bazaigu, mehatxua da, noski, Oraingoz disfrutatu honekin.

Antonio Casado Da Rochak oso ongi ezagutzen du Thoreauren lana eta pentsamendua.Horretaz gain, euskarara ekarri ditu bere hainbat poema.

(Musikari dagokionez, besteak beste: BBCko artxibo publikotik atera ditugu soinu gehienak. Hainbat musikariren doinuak eta kantak erabili ditugu; Dino Saluzzi, Brad Meldhau, Leon eta Fasio… Azkenik, Juan Mari Beltranen Euskal Herriko Soinu Tresnak laneko hainbat pasarte ere erabili dugu).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up