Galtzailearen epika

Ospea eskasian da mundu honetan, eta gainera ez dago berdintasunez banatua. Ez da pertsonalista izateko, baina adibidez, nik neuk, dudana baino askoz ere ospe handiagoa merezi dut. Zer esanik ez niri gustatzen zaizkidan musikariak; horien patu maltzurrak sarreraren bat mereziko luke Wikipedian. Arrakasta eza: Morauren gustukoa den musikari orok jendartean lortzen duen oihartzunaren neurri estandarra. Gaixotasun moduko bat da, inbidia gorrienetik muturreko ideologizaziora doana. Askotan, izugarri estimatu ondoren, ezagutza publikoa lortzen duten musikariekiko desamodio bilakatzen den muturreko zaletasuna. Ospea lortu duzu? Beraz, gorrotatzen zaitut.

Zergatik ez ote naiz gai maitatzeko arrakasta lortzen duten taldeak? Zer nolako gene, birus edo neurona ote da erruduna? Ez dut azalpen handirik, akaso hipotesiren bat. Ezkertiar ustearen desbideraketa paranoikoa izan daiteke, adibidez. Tamaina eta garrantzi guztietako guda, borrokatxo, partidak eta gerrak galdu ondoren, pilatzen duzun frustrazio-kopurua hain da handia, irabazteko-desioa bera bilakatzen dela sufrimendu iturri. Beraz, errazena, hasi baino lehen ere zure burua galtzailetzat hartzea da, eta denborarekin, jarrera hori superbibentziarako oinarrizko estrategia bilakatzea. Zer moztuko duzu zuk belarria ala bizarra?

Galtzailearen epika deritzote honi. Kapitalismoaren amarrua baino ez da, ordea, mundua arrakastaren arabera neurtze hori, eta, agi denez, oso kaltegarria eta toxikoa da eragiten duen inbidia.

(GARA 2019/03/14)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up