Kritika

Ezinbestekoa da kritika, horretan, gutxienez ados egongo gara, akritikoa izatea gaitz larria baita, gu bezalako jende “ezkertiarrentzat”. Horregatik, agian, elkar kritikatzen dugu, oso maiz, bestearen bizkarrean, eta ezinbestekoa gertatzen zaigu gure osasun psikikoarentzat. Hain kritikoak gara hainbatekin, egiten, esaten, arnasten duten ezer dela aipagarri, iseka-iturri edo haserre-eragile. Ez dut zalantzarik, nahastu egiten ditugu kritika egitea eta gaizki esaka aritzea.

Beraz, eta ezberdintasun, oinarrizko, hori egin ondoren, dator galdera; behar al du kultur-ekoizpenak kritikaririk? Irakurle, entzule, ikusle bakoitzak ateratzen dituen ondorioez gain esan nahi dut, horiek oso gutxitan egiten dira eta publiko. Ez dakit, zer kritiko mota etortzen zaizue burura aurreko galdera erantzuterakoan. Adibidez, bere luma zorrotz eta iritzi orojakilez ingurukoen zaletasunak, gupidarik gabe, bere gustura ekartzeko boterea edukiko duen pertsona inkorruptible eta handiustea? Adibide bat, bada Parker izeneko ardo-kritikari bat AEBetan, haren iritziek halako eragina dute, gai dela kritika txar batekin munduko ia edozein ardoren salneurria erdira jaisteko. Imajinatzen al duzu horrelakorik euskal kulturarentzat?

Ez noski, ba orduan zer, zer egin behar du kritikari batek? Bada, bere iritzia eman. Beti ere, suposatuta, norbaitek, kazetaren, egunkariren edo irratiren batean aitortu diola, hori egin ahal izateko, nahikoa itzal. Eta nolakoa behar du iritzi horrek? Eta nork kritikatuko ditu kritikariak? Eta kritikariak kritikatzen dituztenak? Hori guztia beste upeleko sagardoa da.

GARA 2019/06/06

Kategoria: Gara, Musika Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude