Udaberria, mahastiak eta itsasoa

(Ardoarenak 24) Ez da oso urruti joan behar, mahats-ondoek eta itsasoak ia bat egiten duten lekura iristeko. Kilometro batzuk besterik ez. Udaberri apur bat suertatuz gero gainera, erraza gertatuko da lur mutur hura itsasoa zeneko garaiak oroitzea.

Sartu itsasoa puxikan eta utzi airean

udaberria da
xinaurriek
gatza garraiatzen dute
txenada-eskuadrilak zaindari
helikopteroetatik goiti
egin putz
bultzatu leun puxika muinorantz

udaberria baita iratze-arrezifeetan
esploratu gabeko azken irlak
eta sator-zuloetan
nagiak ateratzen hasi dira karramarroak
maria beroak eramango du puxika
bagaz-baga
gora eta gora

behin izan zen
dena ur-azpi
dena abisal
dena iodo eta sufre
sumendi
apar
baina egun
mahats-ondoak bakarrik
ilara amaigabeetan
egoskor
ozeanoari begira
itzultze-operazio ordenaturako txandaren zain
puxikak goia joko du
destatu arretaz
eta egin tiro
behin
birritan

lehertu da udaberria

ehun mila zortziehun eta hamazazpi
izkira zuri
marmoka
eta beste hainbeste kresal-ale
hirurehun eta laurogei mila
lapa
txibia
lanperna
eta plankton-saldoen jasa
euri nutritiboa izango da
bihar ernatzen hasiko den Hondarribi Zuriarentzat

udaberria delako
bizidun orori itsasora bueltatzeko erra pizten zaion sasoia

Kategoria: Ardoarenak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude