(Ardoarenak 26) Inbidia eta errezeloarekin irakurtzen ditut ardo-dastatzaileek, ardoak probatu ondoren, haietaz esaten dituztenak. Tamaina bereko errezeloz eta inbidiaz. Alde batetik, gustatuko litzaidakeelako edozeren gainean hainbeste ñabardura sumatzeko gai izatea. Baina, bestetik, ez dakidalako noiz kontatzen ari diren topiko literarioz betetako, bertsio ofizial ederren bat. Baina ez zait jarrera txarra iruditzen bizitzarekiko, aurrena probatu eta gero atera ondorioak.
Mamirik topatu nahi baduzu
erantzi agerikoak
azalez azal
xaflaz xafla
begiratu
bilatu itzala
garbitu argia
ferekatu
oroimenaren usaina
lurrunaren eraikina
dastatu
oinustu mingaina
larrugorritu ahoa
eta edan
mamirik topatu nahi baduzu
azkenik
edan
edan egunerokotasuna
jakina denaren geruzez
bertsio ofizialez
eta epidermisaz
libratuta