Sega-potoa zurrutean aritu da

Argazkia: Juan Luis Romatet

(Ardoarenak 27) Goiko argazkia ikusi eta Tom Waitsen The Piano As Been Drinking (Pianoa Zurrutean Aritu Da) kantuarekin akordatu, ez dakit zergatik. Bien arteko nahasketatik sortutako testua da hau, kendu pianoa eta jarri mugikor bat. Ez da itzulpena, kantuaren umore beltz-beltzari jarraipena ematea baizik. Horregatik, komeni da, irakurri baino lehen, edo irakurri bitartean, kantua entzutea.

Sega-potoak edan du
olagarroak turista-buruak zurrupatzen ari dira
faroletako ezti-izerdiarekin arrantzatu dituzte
autobus batek ilargia jo du
satelite espioiak hileta batean zeudelako
itotakoen salbaziorik gabeko greba eguna da
utz gaitzazue gorrotatzen oihukatu dute
uda herdoildua dator barne-muinetaraino
autoen eskeletoz bete dira komunak
sega-potoak edan duelako


normaltasunak goia jo du Richter eskalan
tanke bat ikusi dute loreak banatzen
zoriontasuna ala hil idatzi dut fusilean
hurrengo glaziazioak hautsi egingo ditu
orain arteko ikusle-kuota guztiak
baina gaur behintzat ez
sega-potoa zurrutean aritu delako


kaioek begiak daramatzate paparrean
jaio-berriei mesede egiteko lapurtzen dizkiete
lo daudenean
eguzkiaren kiratsa ezin da jasan
eta higuina da ideologia bakarra
odola faltako da gasolindegietan
whatsapp mezuak bere buruaz beste egiten hasten direnean
yihad santua
forentse saldoak altxorren bila ari dira hondartzan
badator simaur-euria
baina gaur ere ez da ezer gertatuko
sega-potoak edan duelako

ez nik
ez nik
ez nik

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up