(Ardoarenak 33) Desagertzeko zorian den arraza mitikoari, inongo gorazarre asmorik gabe, baina nostalgia apur batekin, egindako aipamen gisara uler daiteke hurrengo testua, eta, zer demonio, halaxe da.
Teoria
edaten ikasi beharra dago
eta ez dago
ardo txarrik pobrearentzat
zapata onak
ez zaitzaten bizitzak
eta haren mikatzak
taberna berean harrapa
baxoerdia
tamainak ez du ontzen
txarra dena
sekula
usteak
egarririk
ankerrena
edateko gogo-falta da
berrikuntzak
asmo batekin
istripua eduki
eta ezin onik atera
egutegia
noiz aldatu zuten
azkenez
tabernaria
hondamendi apalak
barra ez da
kataklismoentzako
lubakirik txarrena
anestesia
badira ardoa baino
botika okerragoak
alajaina