(Ardoarenak 34) Testu hau Aiegi inguruko mahastietan barrena egindako osteratxo baten laburpena da, bai hitzetan, eta baita argazkitan ere. Udazkena susmoa baino gehiago den egun horietako baten kronika, udararen baimenaz noski.
Laster barrenak erantziko ditu oihanak
laster lapurrak iritsiko dira
laster ez da ezkutalekurik izango
laster eramango dute dena
laster ebakiko dituzte zuraren hatzak
laster beteko dira promesak
laster lokartuko da lurra
laster biderkatuko da bakardadea
laster gorrituko da haizea
laster iritsiko zaigu atsedena
laster
uzta bat zaharrago izango gara
laster indargabetuko da hostoen oroimena
laster hasiko da pertsonen sasoia
laster piztuko da iluntasuna
laster zaurgarriago izango gara
laster izoztuko zaizkigu begiak
laster odolustuko dira enborrak
laster mututuko da baratza
laster soilduko zaigu gogoa
laster atertuko du eguzkiak
laster amaituko dugu lana
laster
uzta bat zaharrago izango gara
baina gaur ez
gaur
ezinezkoa dirudi
baita
lozorro-alerik txikienak ere
baita
antzigarraren planik jakinenak ere
baita
herioaren aztarnarik mikroskopikoenak ere
badator lapur-aroa