Udazkeneko azken bals geldoa

(Ardoarenak 39) Argazkiek dena adierazten dute batzuetan, eta zaila da haiei hitzak gehitzea. Estilo ariketa korapilatsua gertatu da Kripan, Lantziego eta Guardia ingurutan ateratako argazki hauen gainean idaztea. Nola deskribatu hitzez hainbeste gorritasun.

Uzta-amaierako dantzaldirako dotore jantzi dira mahastiak
hautsa kendu laba-arropei
dirdira eman koral-oinetakoei
atera bitxiontzitik herdoil-lepokoak
luzaroan aritu dira
hango eta hemengo edergarriak
arreta handiz
bilatzen
astiro
probatzen
janzten
eranzten
alkimia egokiz konbinatu arte
bukatutakoan
harrotasunez begiratu dute
bere burua ispiluan
hain laranja
hain magenta
hain granate
hain eskarlata
hain horail
hain arrexka
hain laru
hain okre
 
urazpiko sumendiren baten leherketa bezain geldoa izango da
azken balsa
mahastiek
baimenik eskatu gabe
gorritasunez
estaliko dituztenean lainoaren magalak
laranja-euriko
kalabaza-ihinzdun
dantza bakarra
edertasuna lotsarik gabe xahutzeko
aukera bakana
begiak betetzeko
balizkorako apurrik utzi gabe
 
estimatua dago egokiera
lokartu  aurretik egin baitezakegu  amets
 
zertarako bestela 
udazkena
 
 
 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up