(Ardoarenak 40) Zientzia arriskutsua da. Ez bakarrik, etengabe, ardoa aizuntzeko asmatzen dituzten baliabide, tresna, gai, produktu eta abarrengatik, edo laborategietan asmatzen dituzten ardoengatik. Zientzia arriskutsua izan daiteke, baita, zientzialariarentzat ere.
Botila ireki eta jenio bat agertzen bazaizu erabateko zoriontasuna goraipatzen
serio hitz egiten hasi beharko genuke alkohol-zaletasunaz
zuk memoria txarra dela diozu
ahaztu egiten duzula aurretik egarria ase izana
baina
ez dirudi oso aitzakia originala
eskerrak iratxoak hustu duen ardo-botila
paper-fabrika batek adina osagai kimiko zituen mahatsaren aitzakian
hobe ez irakurtzea letra txikia
etiketak agian aipatuko du eta zenbat haluzinazio kabitzen den litro bakarrean
orduan zertarako esperimentatu
eta zuk zientziaren alde edaten duzu
hondamendi-aurretik zenbat alkohol irentsi daitekeen ikertzeko
zientziaren mesedetan
jakiteko non bizi diren munstroak
argitzeko ukiezina zarenean alboan ote dituzun lo
zehazteko zein biltegitan pilatzen dituzten zure amesgaiztoak
berrerabiltzen ote dituzten
alokatu
saldu
zientziaren mesedetan
biharamuna dokumentatu ahal izateko
hurrengo goizetarako iparrorratzen bat
logika-hariren bat matazak osatzeko
txostenen bat ezinegonaz
ondorioztatu daitekeen ezer
sehaskaren bat erauntsiarentzat
ezin al duzu ezer hoberik edan
biziki estimatuko lizuke
zientziak