Urardoari esker

(Ardoarenak -9) Hauxe da ardoarekin lotutako ene lehenengo oroitzapena, nahiz eta, gero konturatu naizen, umeei urardoa emateko ohiturak zer ikusi gehiago zuela higiene kontuekin, ardo-zaletasunarekin baino; ez zegoenez kanilakoaz fidatzerik, ura desinfektatzeko modu bat ziren alkohol tanta horiek.

Orduan urardoa edaten genuen
ia otorduro
ama gogoratzen dut
axolatsu
ardo
tanta batzuk isurtzen
umeon edalontzietan
alkimia haren kontua zen
 
eta 
ia otorduro
basoan bederen
kanilako ura eraldatzen hasten zen
ilunabartzen
otzan
neketsu
odolezko behe-lainoak
grabitatearen legeari
amore emateko
erabilitako abiadura berean
motel
 
ia otorduro
esku arduratsuek
tentuz botatako bizpahiru ardo-aleri esker 
susmatzen hasi nintzen
badela une bakan eta magiko bat
non gauza bera diren
argia
eta
iluna
eguna
eta 
gaua
ura
eta 
ardoa
 
orduez geroztik
bizitza osoa eman dut
une horren bila
 
arrakasta handirik gabe
agi denez
 
 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up