Epilogoa

Beti egoten zen prest zerbait egiteko, batez ere, etxean ordu pare bat eman ondoren. Horregatik, poz aurpegia jartzen zuen afaria  prestatu behar genuela esaten banion, ea lagunduko ote zidan.  Atzetik joaten zitzaidan sukalderaino, eta iritsitakoan, zutik geratzen zen erdian. Guztiari begira.

Eta orain zer egin behar dut? – Galdetzen zuen behin patatak mahaigainean jarrita. -Orain zuritu egin behar dituzu- erantzuten nion labana haren alboan utzita. -Ah- (nahiko azalpena zela adieraziz) eta labana hartzen zuen, zorionez, beti kirtenetik, eta begiratu egiten zidan, jakin-nahiaren begi handiekin, hurrengo urratsaren zain. Orduan, neuk hartzen nuen labana eta, ahalik eta, polikien hasten nintzen patata handi bat zuritzen. -Ah- errepikatzen zuen, orain bazekien-eta zer egin.

Eta lanean hasiko zen, arreta handiarekin, ikusitakoa errepikatuz, eskura zuen trebezia guztia erabiliz (ez zen beti bera), eta hala egongo zen, lana bukatu arte, beste ezeri kasu egin gabe. Eginbeharra, beti bezala, arduratsu burutuz. -Horrela ongi?- galdetuko zidan noizean behin. Bere mugaz jakitun zela adieraziz bezala. -bai ama, baina begira hemen azal pixka bat utzi duzu- eta berak-ah!- berriro ere. Patata hartu eta poliki errepasatuko zuen.

Abiadura falta zuen arrautzak irabiatzerakoan, ezin paderara hurbiltzen utzi (tenperatura neurtzeko lapikoak eskuarekin ukitzeko ohitura txarra zuen). Besteren bat lanean hasteko txanda zen, baina, hantxe egongo zen eserita dena bukatu arte. Badaezpada ere,  aldian aldiro, begiratzen zidan ea beste lanen bat banuen galdetuz bezala. Begiak zabalduko zituen tortillari buelta ematen ikustean (miresmen apur bat soma zitekeen), eta keinu batez azpimarratuko zuen sukaldean zabaltzen ari zen usain gozoarena.

Benetan, zer arraroa gertatzen den amaren otordu-prestaketarako ikuskatzailea izatearena: -Patata txikiago, piperra horrela,  tipula gehiegi da…, kontuz erori egingo zaizu, eragin azkarrago sardexkari- eta berari esaten entzutea: -ah bai! Horrela?- edo bere buruari -que tonta!- . Keinu itsusirik ez sekula, ezta haserre hitzik. Eskulanak eragiten zion “poxak” ordezkatzen zuen, ia-ia erabat, desagertua zuen pazientzia. Lana zelako, baina baita ere, jolasa (inoiz ez bezala).  -Ai zer polita, ai zer “goxua”, ummmmmm!- ziren, bukatutakoan, esaldirik ohikoenak.

Patata-tortilla egitearena egun horretako abenturarik handiena izan zen, inongo zalantzarik gabe.

Eta (azken urtetan), sekula, ez zion muzin egiten abentura on bati.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up