Semaforoko istorioak

“Egunsentiak ez gaitu beti nahi dugun lekuan harrapatzen”  pentsatzen nuen maiz, amarekin paseoan hasi nintzenean, semaforo honen argitan, haren zain egotea tokatzen zitzaidanean. Hain goiz, eta hain lekuz kanpo. Nahikoa lan nagiak astintzen, amesgaiztoak uxatzen, tokatu zaizun ardura berria barneratzen. Ez da samurra izaten egoera berriari egokitzea. Batez ere, gaixotasun larriren bat tartean dagoenean.

Semaforo honek hitz egingo balu!

Ez zitzaidan kostatzen ohetik altxatzea, kalera ateratzea, bai ordea, norbaitekin arduratzea, haren zain egotea, haren arrastoa jarraitzea, haren ahuldadeez jabetzea, eskatu gabeko laguntza ematea…

Zer egingo diogu, amak goizean goiz paseatzen zuen, azken urteak lagun berarekin. Baina, tartean, alzheimer izenpean  bildu zituzten, egunerokotasunean gero eta ohikoagoak zituen hutsune txiki eta intimo horiek. Bere ibilera-kidea gero eta gaixoago. Ondorioz, norbaitek hartu behar amarekin paseatzeko ardura. Eta nork ordutegi hobea AEKko irakasle batek baino? Hezkuntzaren azpimunduaren abantailak.

Honelaxe hasi nintzen, duela 10 bat urte amarekin mendi-buelta egiten. Astean pare batean hasieran, egunero azken bizpahiru urtetan. Ni hari jarraika lehenengo urtetan (oso ibilera arina zuen gure amak), besotik helduta bajatzen joan zen moduan. Elkarrizketatik isiltasunera, menditik kalera, semaforotik etxe-atarira… Gauza asko aldatu ziren tartean.

Batez ere, gero eta gehiago tokatu zitzaidan amaren zain egotea. Bost minutu eternal, amaigabe, obsesiboak ziren. Haren itzala, tipitapa, tipitapa, tipitapa, zebrabidearen beste aldean agertzen ikusi arte. Auto eta autobusetako langile eta ikasle lokartuek ez zuten inondik inora, goizero semaforo horren azpian gertatzen zen drama honen berri.

Beldur-erauntsiaren ondorengo lasaitu aringarriarekin hasten ziren, askotan, paseo hauek. Beldurra zen egunsentia iragartzen zuen ihintz moduko hori.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up