Badugu lehenengo kantua

Ez dakit izenburu egokia den baina, duela hilabete hasi nintzen blog honetan EGUNSENTIAK ALPERRENTZAT izenpean bildutako argazki, iruzkin eta bizipenak modu publikoan ordenatzen.

Gaixotasunaren eta zaintzaren gainekoak, kantu bihurtzeko asmoarekin hasi nintzen, eta horretan jarraitzen dut. Ene erritmoan jakina… geldo demonio. Ideiak ordenatu, testu bihurtu, testuak kantu-hitz bihurtu, eta azkenik, guztiari musika jarri, eta bizpahiru bertsio landu ondoren, bat aukeratu. Uufa, sorkuntza hain nekagarria zenik!

Egon hadi lo eta jango duk mehe!

Bada, miraria gertatu da, lau aste igaro ez diren honetan badugu lehenengo kantua. Nola den posible? Erantzuna oso sinplea da, kantua ez dut neuk egin, Giorgio Bassmatti miresgarriak egin du. Bestela nola?

Ezer eskatu eta ezer espero gabe egin du. Kantu baterako hitz posibleak argitaratu nituen nire blogean, eta bueltan, bost ordu igaro ondoren, berak bere blogean zintzilikatu zuen kantua. Aspaldi egin didaten oparirik politena da, pop eta fineziaz betetako kantu hau. Nola demontre moldatuko ote da hain kantu ederrak hain denbora gutxian egiteko?

Aterako diot sekretua eta frankizia bat montatuko dut, “nola idatzi kantu bikainak 5 minututan”, “forratu” egingo naiz.

Bai, batzutan, sareak funtzionatzen du eta, zorionez, sormen txinparta hauek eragiten ditu. Eskerrik asko Bassmatti, aspirina bikaina zara bizipozarentzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up