Solasaldi ederrak

Harrituta nengoen, gero eta gehiago hitz egiten nuen gaixotasunez. Etxean, autobusean, kalean. Nekanerekin, lagunekin, arrebarekin… egia esateko, edonorekin. Aski zen norbaitek konplimenduzko -zer moduz hago?- bat botatzea, erretolikarekin hasi eta gurasoen azken nobedadeak kontatzen hasteko. Borborka hasten nintzela ohartu nintzen. Ireki ondoren, inolaz ere, Itxi ezin den iturri bat bezala. Koitadua galdera bota zuena, bazuen tarte baterako lana.

Edozein lekutan: bankuko itxaron-ilaran, supermerkatuan, tabernako komunean…

Eskerrak solasgai unibertsalen artean (lana, dirua, sexua, drogak eta futbola), edozein leku eta egokieretarako balio duen gaia den gaixotasunarena. Barru-huste eta ezinbesteko informazioa ematearen arteko zubian, artisau-lana bilakatzen da -Zer moduz gurasoak?-galdera erantzutea.

Komeni da gauza bera hamaika aldiz kontatzeko modu ezberdinak saiatzea, albokoa ez gehiegi hanpatzeko umore apurren bat gehitzea eta zer kontatu eta zer gorde behar den aldez aurretik zehaztea. Entzulearen tamainako kontakizuna egin behar da. Sinesgarria gertatu behar du ERRELATUAK. Horretarako apurren bat fabulatu beharra badago ere.

Bai, egunak joan eta egunak etorri, urtaroak albotik pasa, txosten-medikuak pilatzen jarraitu… konturatu nintzen bi gaiez baino ez nuela solasten nire denbora librean; gaixotasunak eta musika, eta beti neukala zerbait kontatzeko. Eta beti zegoela biktimaren bat haien gainean galdetzeko prest.

Amarekin izan ezik.

Gurasoekiko komunikazio berbala, ez da izan sekula gure arteko harremanen ezaugarri esanguratsua. Are gutxiago amarekin. Pasioekin hasi baino lehen, jakina. Goizero ordu pare bat elkarrekin egoteak, gehienetan buruz-buru, solasaldien artea laboratzea ekarri zuen automatikoki.

Uuui, zenbat kotxe dauden (izutu samar).

-Bai ama, badakizu, egun etxe bakoitzean hiru auto, edo gehiago, daude.

– Eta zer “brillo” daukaten (admirazioz).

– Bai, nirea jaitsiko diet ea garbitzen didaten.

-Eta zer polita dagoen hau, dena igual iguala, ze “brillito”… (bide ondoko belardi moztu berria seinalatuz).

-Bai baten batek lan ederra egin du. Orain begiratu lurrera ama.

Elkarrizketa hau, hitzez-hitz (bai, HITZEZ-HITZ) eta segida horretan, errepikatu genuen goizero-goizero bizpahiru urtetan zehar, etxeko-ataritik ateratakoan.

Ez, solas-falta, ez da izango alzheimer gaixo batek eragingo dizun buruhausterik handiena. Gainera oso publiko eskuzabala da, txiste bera konta dezakezu nahi adina aldiz egun berean, behin grazia eginda beti egingo duelako barre.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up