Amaren biluztasuna

Bizitza irakurri daiteke gorputz bilutsi batean. Plazerik txikienek, lanik ikaragarrienek, ezuste mingarrienek, istripurik lerdoenek zizelkatu dute, eskultura bat bailitzan. Bata bestearen gainean, alboan, azpian… pilatzen ditugu moldaketak eta irakurtzeko moduan jarri. Denborak antolatzen ditu, hark egiten du gorputza, artista gorenen moduan, gero desegiten hasteko. Hori dela eta, ikusten saiatuta, ahapaldi sorta bat da, ispiluari, lagun batzuei, klase guztietako mediku eta osasun-langileei erakusten dieguna biluzten garen bakoitzean. Aldrebesa da, baina ezkutatzen saiatzen garen horretan dago gure historia, munduari ozen kontatu beharko geniokeen hori.

Bere buruaren argazkiak ateratzen nizkion batzuetan, gero erakusteko. Ez zen gaiĀ  ezagutzeko. Horregatik, bera zela esan ondoren, harridura keinu nabarmen bat egin eta “que vieja!” ondorioztatzen zuen ozen. Denboraren joanaz ohartuta. Bere gorputza ere, okertzen, gutxitzen, trakesten joan zen, are nabarmenago utziz zauri guztiak. Tximistak jotako zuhaitza bezala.

Ondo nekien hori, urte guzti hauetan askotan ikusi nuen-eta ama bilutsik. Egunerokotasunaren alderik intimoena zen, ohitu arren, beti samurtasun handia eragiten zidana. Hein handi batean, orduan sentitzen nintzen harengandik hurbilen. Ez dut uste ahaztuko dudanik, dutxatzen laguntzeko larru gorritan ikusi nuen lehenengo aldia. Sekulako aurkikuntza izan zen.

Tximistak jotako zuhaitza da
haren gorputza
haizeteek etzana izotzak errea
larru-azal sakona du
iluna aspaldian
gerrak
bakardadeak
erabat ondatu gabea

Oin-puntetan datoz urtaroak aspaldi
amaren loa ez aztoratzeko
sehaska-kantu bat enbor nekatuentzat
zapata berriak egunsentirako

egur zaharreko armadura du
orbainez betea
poliki-poliki
amaierara itzultzen ari dena
gorputz okerra du
tematia
maizegi kimatu dute
baina arratsero lokartzen da

Oin puntetan…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up