01. Argazkia: Kolonbiako motoristarena
Nahiko lan ez Kolonbia alderik-alde zeharkatzeko eskuratu duen motokarroa menderatzen, eta lanak hartu ditu Tonek, diskoa bertara eraman eta lagunarekin argazkiak egiteko, irribarretsu, jakina. Inbidia gauza txarra zela esan zigun amak, baina ez nuen uste hainbesterainokoa izan zitekeenik. Nolakoak ote dira bertako lainoak, eta farolak?
02. Argazkia: Profesionalaren aholkuak
Farmaziara kontsuelo, esperantza eta enpatia bila joaten diren beste guztiak bezala, bertara jo nuen, amateur hasi berriak nola, aholku bila. Farmakologiaren bezero oso noizbehinkakoa naizenez, ene kantu-analgesikoen gaineko azalpenak eman baino, jasotzera. Nola erabili, nola zaindu, ba ote duten iraungipen datarik… Leku arraroetan harrapatzen gaitu, batzuetan, argiak.
03. Argazkia: Kulturaren besaulki zuria
Lortu nuen, bai, azkenean, prentsako argazkietan ikusten nuen besaulki zuri horietako batean esertzea, nahiz eta, kantari-harrotasuna azpimarratzeko edo, emanaldiaren zati handi bat zutik eman. Zer esango dizuet, politak dira oso, baina ez dira oso erosoak. Batzuetan, elkarren artean, ongi moldatzen asmatzen duten anaia-arreba dira, musika eta literatura.
04. Argazkia: Galiziako lagunak
Ez da erraza Hernaniko Santa Barbara mendiaren argazkia topatzea Vigoko alde zaharreko kafetegi batean. Maitagarria da UF kafetegia, etengabeko astintze kulturalean jarduten duten Pako eta Luigiren lurralde miresgarri samarra. Musika, zinema, literatura… iristeko irrikan dagoeneko. Egunsenti ederrak dira Teis auzoko La Guiaren magaletik ikusten direnak.