Hamar aholku onik ateratzeko

Ardo-dastaketa bati arrakastaz aurre egiteko egin beharrekoak (Ardoarenak 05)

Hasi baino lehen, noski.
  • Badakit ez dela beharrezkoa hau aipatzea, baina poliki edan. Nabarmen geratu nahi ez baduzu behintzat. Denak mozkortuko gara, azkenean, baina komenigarria da antzeko erritmo bat eramatea.
  • Ez aurreratu. Errituala bilakatzen da horrelakoetan edatearena. Edaria aztertu, usaindu, astindu beharra dago zintzurretik behera bidali baino lehen. Komeni da urrats horiek jarraitzea. Ez zaitezen izan kopa hutsik duen bakarra beste guztiek, oraindik, ardoa usaintzen ari diren bitartean.
  • Gidak beti du arrazoi. Hark esaten badu ardo horrek baduela borobiltasun atzemanezina, zeruaren arintasuna eta bere izeba batek igandetan ematen zizkion Sugus goxokien bizitasuna, bejondeiola. Hauek dira iruzkinak egiteko erabili ditzakezun esaldi batzuk: noski, jakina, bai neu ere ohartua nintzen, nire izebak ere marka berekoak erabiltzen zituen…
  • Kontuz tranpa duten galderekin. Adibidez: zer iruditu zaizue ardo hau? Erantzutekotan ona dela esan, kito. Ez saiatu azalpen gehiago ematen oso seguru ez bazaude behintzat. Agian, esango diozu egur pixka bat duela, eta berak ea haritz amerikanoarena ala frantsesarena den galde diezazuke… eta ea nola ateratzen zaren horrelako ataka batetik.
  • Ongi mimetizatu. Zuk baino gehiago dakien baten alboan jarri, ahal baduzu behintzat. Ikusi zer egiten duen, nola mugitzen den, zer esaten duen… Zuk berdin jokatu, ezer berria ikasteko ez dago imitazioa bezalakorik.
  • Lasai jan, garrantzitsua da elikagai solido eta likidoak bere tamainan uztartzea. Ez itxaron begietan txinparta piztu arte jaten hasteko, agian beranduegi izango da.
  • Neurriz jokatu. Hirugarren edo laugarren ardotik aurrera, gauzak okertzen hasten dira, ozen hitz egiten hasten gara, tarteka baino ez diogu kasurik egiten gidariari, esnatu da denok barruan daramagun poteatzailea. Hortik aurrera dibertigarriagoa da dena. Baina…
  • Kontuz, azken ardoak izaten dira, beti onenak, edo behintzat garestienak. Ohikoan edaten ez ditugun horietakoak. Komeni da sena gehiegi ez lanbrotzea, ardo horiek gutxieneko baldintza batzuekin dastatu ahal izateko. Gero erabakiko duzu gustatu zaizkizun ala ez, horretarako beti dago denbora.
  • Tentuz aukeratu konpainia. Egoera horretan gaudela, laugarren ardotik aurrera, hain zuzen ere, konturatuko zara, ardo-dastatze batean disfrutatzeko zer garrantzitsua den ingurukoekin sinergia apur bat edukitzea. Bestela akabo, ez litzateke muturka bukatzen duen lehenengo dastaketa.
  • Izan adeitsu. Dastaketa bukatu ondorengo, komunikazio espazio “desordenatu” horretan, hartu tartea gidariari egindako lana eta edukitzako pazientzia estimatzeko. Eta gogoratu, horrelako ekitadien helburu nagusienetakoa ardoa saltzea dela, gustatu bazaizu erosi botilaren bat! Ez izan zekena.
Ez dirudien arren, bukatzen ari gara.
Hau bai amaiera bikaina.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up