Etiketarik gabeko ardo bati

Izenik gabea, paperik gabea, pedigri gabea, publizitaterik gabea, kontrolik gabea, osasun-ikuskaritzarik gabea, edergarririk gabea, elizarik gabea, … ardo bikaina.

Dastatzeko oharrak (ardoarenak 06)

Lur eta izerdi zaporea du
besoetan utzitako ubelena
gasolio eta hautsaren aztarnak
eguzkipean makurtutako bizkarrena
berandututako elurraren orbainak
eta gero lehorte baten gozoa

ahoan euri bihurtzen da
lainoei darien hamaika begi
gorputz nekatuen amets lizuna
eta abuztuko ekaitz lehertu berri
zoriak nahigabe ekarri du hona
ardoa goizegi esna ez dadin

Nabariak dira lo-ezinaren lurrinak
leunak neguko basoaren ikatzak
nekazaria lokatzari begira
motozerraren fereken aztarnak
iluntasunaren azukre epela
harri-kozkorrez egindako legamiak

pozik dator malkarretan behera
gogoaren sator-zuloetan barrena
haizeak hatzetatik helduta
edadeari zor dion more iluna
galdetuz gero mahasti gazteren bati
atzera begiratzeko modu bat da etorkizuna

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up