(Ardoarenak 32) Nongoa zara galdetzen dugu, baina nor zara galdetu beharko genuke lehenago. Probatu eta gero geolokalizatu, GPSa itzali eta dastatu, jolastu, jakin, ezagutu. Horrela jaso ahal izango dugu bestearen jatorriaren berri.
Ardozale amorratuenen arabera
ardo bakoitzak bere baitan biltzen ditu
lurra
jendea
paisaia
pentsaera
bizimodua
ametsak
lana
eta
edaterakoan
atzeman behar da
sotila izanda ere
aire
doinu organiko hori
modu ederra da jatorria definitzeko
ez baitu bakarrik lekua seinalatzen
nortasunaren lurraldea aipatzen du
eta baita ere hura deszifratzeko mapa moduko bat
zirrikitua geografiaren alde intimoarentzat
horregatik
jatorriari aukera bat emateko
botilako etiketa irakurri aurretik edan behar da ardoa
idazki ofizialek
faltsutu
ezkutatu
estali
klonatu
egiten dutelako
gehienetan jatorria
ezinbestean
Errioxakoa dela dio botila honek
baina
ezin jakin
zein Errioxakoa
noren Errioxakoa
nolako Errioxakoa
nongo Errioxakoa
den
dastatu arte
begiratu al duzu aspaldi
zer dioten nortasun agiriak
edo pasaporteak
zure jatorriaz