Mamadouren ardo-zaletasuna

(Ardoarenak 37) Casamanceko etxean, andra batek, harrotasunez erakutsi dio bizilagunari Europatik bidalitako botila dotorea. Ardoaren ordez semearen izerdiz beteta dagoela eta oso garestia dela azalduko dio, ziur dagoela, profeta ez zaiola haserretuko etxean edukitzeagatik.

Zuri gustatzen al zaizu ardoa Mamadou
galdetu dio mahasti-jabeak 
bizkarretik helduta
gazteari
hark ez dakiela erantzun du
alkohola debekatua duela
ez duela sekula probatu
ezin duela iritzirik eman
hala eta guztiz ere
hamabi ordu aritu zen atzo mahats-biltzen
gaur beste hamabi
bihar beste hainbeste
etzi agian gehiago
izotzaren beldur dira denak
hainbeste lan
eta ez du sekula ardorik ezpainetaratu
 
hobe horrela
 
bestela
hemendik hiru urtera 
Europako hiribururen bateko
luxuzko ardandegiko
erakusleihoan
etzanda topatuko badu
mahats-mordo horien odola
lapurtu egin beharko du botilaren bat
ardo-zaletasuna edo jakin-nahia
asetzeko
 
eta
korrika zeharkatuko du etorbidea
eta agian 
harrapatuko  dute
presaka
erbesteratzeko
inon ahalik eta arrastorik ez deusena utz dezan
 
edo  
korrika jarraituko du
hatsa hustuta
argitik ihesi
autoren batekin
tupust egin arte
zoruraino
eta
zapla
beira-puska bat gehiago izango da
dir-dir
dir-dir
asfaltoan
 
ala ez
 
beharbada
etxera iritsitakoan
botila ireki
ardoa dastatu 
eta tu egingo du
nazkaz
jakingura 
eta bide batez edari higuingarria
madarikatuz
 
eskerrak 
Mamadouk ez dakien 
maite ote duen
ardoa
 
hobe horrela
 
 
Kategoria: Ardoarenak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude