Dekrepitudea

(Ardoarenak 38) Speyer hiri alemandarreko museoan gordetzen dute munduko ardo-botilarik zaharrena. Bertan topatu zuten, ustekabean, indusketa batean. Erromatar bikote aberats bati, beste mundurako bidaian laguntzeko sartu omen zituzten, ardo-botilak, haien hilobietan.  Duela 152 urte topatu zuten eta orduez geroztik daukate bertako museoan.  Jakin nahi al duzu zer den zahartzea? Jarri botila horren larruan.

Jar zaitez munduko ardo-botilarik zaharrenaren larruan
1669 urte ditu 
erromatar garaikoa da
eta ustekabean topatu zuten
patrizio bikote baten hilobiaren indusketan
orduez geroztik
adituek
botila ikusmiratu
aztertu
zaindu
zelatatu
kontrolatu dute
152 urtez zehazki
eta sekula ez dute
irekitzeko inolako asmorik eduki
hilezkortasunera iristeko modurik krudelenetako bat da
milaka urte ospitalean
aditu
ikusbera
ikerlari 
eta
gogoz kontra eramandako ikasle-saldoen begiradapean
ajea
higadura
nekea 
asepsia pilatzen
munduko ardorik zaharrena 
betirako
lurrak kontrako norabidean lehenengo bira ematen duen arte
 
esadazu
nahiko al zenuke hainbeste hil
hain luzaroan 
hain etenik gabe
hainbeste amore emanda
zientzialarien
medikuen  
profeten aurrean
edo nahiago zenuke
lapur bihozberaren batek
legearen erabat kontra
gauren erdian 
segurtasun-neurri guztiak gainditu
zaindariei  iskin egin
botila eraman
ireki 
eta lorategiko lur beltzean husteko adorea eta gupida bilduko balitu
 
galdetu al dizute inoiz
zenbaterainoko bizitza jasateko prest zauden
 
 
 
Kategoria: Ardoarenak Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude