(Ardoarenak -8) Oso erraza eta etxekoia dirudien arren, gauza jakina da arrisku handiak dakartzala zahatoan edateak.
Zauri asko utzi dizkit zahatoak
alkandoran
baita
haren azpiko elastikoan ere
ardo egoskorra
zenbat utzikeria ez ote didate leporatu
marka
arrasto horiek direla eta
zabarkeria-dominak
batzuetan
ordea
deskuidua
ez da hain agerikoa izan
orbanak arropa igaro
eta larruak zurrupatu baitu
ardo tematia
haragia
eta haren azpiko organoak
zainak
giharrak
blaituz
abandonatutako hezur-meazuloak
eta beherago
barne-muinetako isilpeko estepak
hezetuz
azido-zingiretaraino jaitsiz
eta are sakonago
zelulen baten
habia ezkutuan
pausatu arte
horretaz ez dira jabetu
hainbestetan
hainbesteko grinarekin
hainbeste narraskeria
leporatu didatenak
epelak entzun beharko ditut
hau irakurtzen dutenean
ia ezinezkoa da eta
barne-parajeak ongi garbituko dituen
detergenteren bat
eskuratzea
arroparekin errazagoa da