Azkena… azken, azken, azkena

(Ardoarenak -01) Ardoa aitzakia hartuta idazten hasi nintzenean, gauzak serio egin eta erronka bota nion ere buruari. Lau urtaroak hartu behar zituen proiektuak eta 50 testu idatzi behar nituen denbora horretan. Bada lortu dut, hauxe baita azkena. Benetan, azken, azken, azkena.

Orain egindakoa txukundu, sailkatu, egokienak aukeratu eta kantuak egitera! Badut gogoa.

Bai
benetan
hauxe da azkena
kopan utzitako kondarra zurrupatu
botila hutsa badaezpada ere astindu
altxa
eta banoa
tentuz
zutik jartzean bakarrik jakiten da eta
zein heroismo gradu beharko den
ateraino txukun iristeko
espero dut
kulunka gehiegi ez egitea
amaierara nahikoa duintasunarekin heltzea
agurra izan dadila
estropezurik gabea
gogoangarria apaltasunean
danbatekorik gabea
akaberek merezi baitute epika apur bat
iritsi al da orkestra
bada
itzali dezatela argia amaitzerakoan 
 
neu banoa
inork hartu nahiko al luke nirekin
hondar
hondar
hondarrekoa
hain da luzea etxerako bidea
 
 
 
 
Kategoria: Ardoarenak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude