Badira sasoiak non normaltasuna, ohikoa, egunerokoa edo monotonia den desiratu dezakezun egoerarik onena. Besteak beste, badakizulako berriak eta ezusteak soilik txarrerako izan daitezkeela. Telefono-deiak gauaren erdian, edo anbulantzien uluak aldapan gora. Guretzat, hoberenera, botika bat gehiago dakarren atzerapausoren baten seinale izan ohi ziren berrikuntzak. Ez da drama bat, ez uste, ohitu egiten zara, eta, esango nuke, behin ohartuta, hainbatetan disfrutatu egiten duzula errepikapen etengabearekin.
Goizero erritual bera, urtetan zehar. Paseoaren ingurukoak, aurrekoak eta ondorengoak. Azken bi urtetan, batik bat, bakarrik geratu zenetik, egun osoa bilakatu zen horrelakoa: hamaika gertakari, esaldi, begirada, galdera, ekintza niminoz betetako segida konplexu, arrotz batentzat ilogiko, eta askotan, loturarik gabea. Hitz batean azaltzeko: ERRUTINA.
Errutina miresgarri eta babesgarria, heldulekuz betea, une oro, burua galtzen duenarentzat.
Egunero egunsentiari argazki bat egitea bezala.
Ekintza guztiek osatzen zuten “oihan” moduko horretan bizi zen ama. Zaindu beharreko ekosistema zen, eta hil ala bizikoa, haren aberastasunaz arduratzea. Bagenekien oso zaila izango zela ohitura berriren bat sartzea, eta hala ere lortu genuen, baina batez ere, bere izatea identifikatzen laguntzen zioten txikitasun horiek guztiak, lehendik ere bazituenak ahalik eta polikien galtzea zen benetako lana (borroka esan behar nuen, baina hura ez zen lubaki bat). Eta horrek esan nahi zuen, errutinak landu, jorratu, bultzatu, sustatu… egiten genituela. Ohituren lorazainak ginen.
Imajinatu, guretzat seinale ona zen, beti, leku berean, esaten zuen esaldi hori, egun horretan ere errepikatzea, eta hitzez hitz bazen hobeto. Ondoren, konformatu egiten ginen, gauza bertsua esaten bazuen. Geroago, antzeko erreakzioa adierazten bazuen, hitzak erabili ala ez. Azkenik, berriro ez zuela egingo konturatzen ginen arte. Espezie bat gutxiago gure ohituren Amazonian. Galtzen ari zen amaren munduaren biodibertsitatea.
Geldiezina zen galera.
Horregatik diot, egunerokotasunaren epela miresten ikasi dudala azken urtetan, zaintzan aritzen ikasi dudala, errutina-zain bilakatu naizela, benetan. Agian badu adinarekin zer ikusirik, baina hori beste kontu bat da.
Zer gara bada, errutinarik gabe? Gauzak bere lekuan ez badaude?